Mehatxa ditzaketen naturaren edo teknologiaren gorabeheretatik haren biztanleak edo lurraldea babesteaz axolaturik, Donibane Lohizuneko hiriak arriskuen prebentziorako estrategia bat garatu du.
Arrisku nagusiak
Arrisku Nagusiei buruzko Udal Informazio Dokumentuak hiria mehatxa ditzaketen arrisku nagusiak aurkezten ditu eta hartu beharreko segurtasun kontsignak zerrendatzen.
Lau arrisku identifikatu dira eta babes eta segurtasun neurriak zehaztu.
Uholdeak
Gaur egun oraindik, egoera klimatiko berezietan, Urdazurik arriskua ager lezake. Hiria zeharkatzen duten erreken ur handitzeak (Itxaka handi eta ttipia) ere arriskutsuak izan daitezke.
Ekaitza eta sagailo handia
Geografikoki kostan kokatua izanagatik, egoera horrek itsasbazterreko ekaitzen arriskuaren aitzinean ezartzen du hiria. Ekaitz bortitzen iragatea, haizearen eta depresio egoera bereziki markatu baten aldi bereko eraginpean, ez ohiko marea eta sagailo handiekin batera etor daiteke.
Lur mugimenduak
Hirian den lur mugimendu arriskua, itsasoak eragiten duen itsasbazterreko ezponden higadurarekin lotua da bereziki. Fenomeno hori geldoa eta progresiboa da. Haatik, salbuespenezko intentsitate handiz ager daiteke, ekaitzak edo koefiziente handiko mareak direlarik.
Arriskutsuak diren ekaien garraioa
Biztanleentzat eta inguramenarentzat, produktu arriskutsu batekin kontaktuan egoteko arriskua garraio istripu baten gertaerari mugatzen da. Hirian, ekai arriskutsuen garraioa trenbidean, A63 autopistan eta RD 810 errepidean gertatzen da.
Kontsigna batzuk
- Irratia entzun, jarraitu beharreko kontsignak ezagutzeko;
- Ez joan eskolara haurren bila. Eskola arduratzen da haietaz;
- Ez telefono deirik pasa, sokorri antolaketak errexago kudea daitezen lineak eta sarea libre uzteko gisan;
- Argindarra eta gasa moztu;
- Hiriko tresna digitalak begiratu (webgunea eta facebook orrialdea)
Babeserako Udal Plana
Hiria, krisi egoeretan molde eraginkorrean esku hartzeko prestatua da. Gisa berean, Babeserako Udal Plan batez ere dohatua da.
Plan horrek, arazorik balitz, udal zerbitzuen antolaketa zehatza aurreikusten du eta denen egitekoa finkatzen, eta eskura diren giza eta material baliabideak zerrendatzen ditu. Mehatxu bakoitzari egokituriko ekintza-fitxa zehatzez osatua da.
Suhiltzaileek eta estatuko zerbitzuek plantan emaniko segurtasun baliabideekin koordinatzen da.
Antolaketa prebentiboak
XIX. mende bukaeraz geroztik, itsasoaren aurkako edo uholdeen aitzineko babeserako baliabideak sortu dira, gertakari natural hauek jendearengan, ondasunengan eta inguramenarengan duten eragina arintzeko asmoz.
Hiri zaharraren itsasoaren aurkako babesa
Euste-hormak ( Santa Barbara muinotik portuko itsas harresira Hondartza Handia inguratzen duena) eta kanpoko itsas harresiek etengabeko mantenuaren gaia dira.
Urdazuriren aurkako babesa
- Lurberria urtegiaren sortzea, ur handitze arriskua mugatzeko
- “Vigicrue” zaintza, errekaren maila etengabe kontrolatzeko. Biztanleria informatzeko alerta prozedurak finkatuak dira;
- Atzera ezinezko balbulen instalatzea, Urdazuriren urak euri uren ebakuazio hodietatik gora joan daitezen eragozteko.
Euri urak
Erretentzio urmael batzuk eraiki dira Jaldai, Urthaburu, Andenia, Itxaka eta Verdun (hiri erdigunea) auzoak babesteko. Erreka bazterretan (Itxaka handi eta ttipia) kokatuak dira.