Bildumak

Donibane Lohizuneko itsasbazterreko lorategi botanikoak, Euskal kostako eta Landa Hegoaldeko ingurune naturalak eta bilduma tematikoak agertzen ditu.

Euskal kostako eta Landa Hegoaldeko ingurune naturalak

Lorategiak, haien jatorrizko ingurune naturalaren arabera bateraturiko landareak deskubritzera gonbidatzen du. Batzuk arruntak dira, beste batzuk arraroagoak.

Zuhaixkaduna eta belartsua den itsasbazterreko landak

Egokia, sakonera gutikoa eta tuparrizalea den lur batean osoki eraikia, itsasbazterreko landa ezaugarritzen duten landare motaz osatua da: oteak (Ulex europaeus L., Ulex gallii Planch.), elarra (Erica vagans L.), zuandorra (Cornus sanguinea L.), estrepa (Cistus salviifolius L.), festuca (Festuca rubra L.), iratzea (Pteridium aquilinum (L.) Kuhn), Lithodora prostrata (Lithodora prostrata (Loisel) Griseb.) etab. Lilitze kateadurak ingurune naturalean gertatzen dena fideltasunez agertzen du, atlantikoko landa erakargarri bilakatuz.

Itsasbazterreko hariztia

Tenperatura goxoa, euri anitzak eta urte osoko higrometria aski gorak Euskal kostako itsas klimaren ezaugarriak dira. Baldintza horiek atlantikoko hariztien hazkundea faboratzen dute. Hemen, haritz kanduduna (Quercus robur L.) nagusi da, ondoan urritza (Corylus avellana L.), lizarra (Fraxinus excelsior L.) edo astigar arrunta (Acer campestre L.) dituelarik. Oihanpea udaberrian loratzen diren landare bizikorretan aberatsa da

Eremu hezeak

Eremu hezeek ur azalean edo sakonera apalean den uraren presentziari ezaugarritzen dute. Landare eta animalia bioaniztasunaren gordeleku, flora joria gerizatzen dute: Txipa-Belarra(Mentha aquatica L.), iezka (Typha latifolia L.), lirio horia (Iris pseudacorus L.), egur-belarra (Lythrum salicaria L.), San Joan iratzea (Osmunda regalis), etab. Hiru eremu heze mota agertzen dira: ur-jauzia, urmaela, lubaki hezea.

Itsasbazterreko pinudi-hariztia

Duna hesiaren gibelean kokatua, itsasbazterreko pinudi-hariztia harea-lurrean tokitu zen lehen oihana da. itsas pinua (Pinus pinaster Aiton) eta artelatza (Quercus suber L.) elkarrekin bizi dira, oihanpeko landare motei joritzea ahalbidetzen dien itzal arina sortuz. Hartan gurbitza ((Arbutus unedo L.), estrepa (Cistus salviifolius L.), ainar purpura (Erica cinerea L.), etab. atzemanen ditugu. Oihanginek guti edo batere ez ustiatua, babes oihanak hare-dunak iraunkorki finkatzean datzan egitekoa osoki betetzen du.

Duna xuria

Duna xuriko eta duna griseko lorategi sail karratuek landarediaren itsasbazterren kolonizazio progresiboa agertzen dute. Landare horiek ingurune zailean bizirauteko gaitasun berezia dute: zola mantenugaiean pobrea da eta ez du ura atxikitzen, haizeak etengabe birmoldatzen du. Hareak finkatzen dituen landare lastoduna den harenondokoa (Ammophila arenaria (L.) Link), landare mota tipikoa da. Landarediak oraindik osoki kolonizatu ez duen duna xuriak, lore biziki ederrak ematen dituzten landare moten eremua da, hauen artean: itsas ezker-aihena (Calystegia soldanella (L.) Roem & Schult.), itsas ziabelarra (Galium arenarium Loisel.) eta, haren kaliza xuri-nakar kolorekoarekin, garikota (Silene inflata L.).

Duna grisa

Finkatu ondoren, duna landaredi tapiza batez estali eta “grisa” bilakatzen da. Bi lorategi sail karratuk teilatu-belar mingatza (Sedum acre L.), usain espeziatua duen betibizi horia (Helichrysum stoechas (L.) Moench), usain delikatua duen dunetako krabelina (Dianthus hyssopifolius L. subsp. gallicus (Pers.) Lainz & Munoz-Garmendia)… deskubriarazten dute. Itxuraz ahulak eta mendreak diren espezie hauek, landare horiek udako lehorte luzeetara egokituak dira, ura hostoetan metatuz edo lurruntzea molde eraginkorrean gutituz…

Sega belardia

Hastapenean belar eremu soila bazen ere, emeki-emeki eremu hori zelai tradizionalean bilakatu dute. Ondoko oihanaren eta eremu hezeen arteko trantsizio lana egiten du. Uso-belarra eta zalkearentzako ingurune egokia da eta basafaunak (pinpirinak, marisorginak, intsektu makilak…) gogoko duen babesa osatzen dute

Araztegiaren teilatua

Lorategi botanikoko eremu berezi hori eraikin industrial baten integrazioaren ilustrazioa da. Izan ere, Donibane Lohizuneko araztegia hor berean lurperatua da! Teilatua landarez estalia du eta ondare eremu bat berriz ere izateko erronka betetzear da: elar landa bat sortze bidean da.

Bilduma tematikoak

Lorategi botanikoak mundu osoko landareak ditu. Euskal Herriko klimari egokituak dira. Bisitariak haren lorategirako inspirazioa atzemanen du hartan

Bost kontinenteak

Donibane Lohizuneko Lorategi botanikoak bost kontinenteetako landare bilduma aberatsa du. Ibilaldian aitzina egin ahala, bisitariak mundu guziko landare motak deskubritzen ditu: Afrika, Ipar Amerika, Hego Amerika, Asia, Europa, Ozeania. Agertzen diren landare guziak Euskal Herriko gisako klima duten urruneko eskualdeetatik datoz eta hemengo klimari arazorik gabe egokitu dira.

Itsasontziaren zuhaitzaren bilduma

Zuhaitz hostotsuen eta ontzietan dauden koniferoen bilduma horrek tokiko itsasontzi eraikuntzaren etapa handiak oroitarazten dituzte: haritz kandudunez (Quercus robur L.) eta haritz kandugabez (Quercus petraea Lieblein) eginiko erdiko armazoia; sasiakaziaz (Robinia pseudoacacia L.) eginiko zuakerrak; itsas-pinuz (Pinus pinaster Aiton), pinu gorriz (Pinus sylvestris L.) eta haritzez eginiko kanpoazala etab. Zuhaitz horiek ontzietan mantenduak dira, tokiko itsas ondarearen aitortzaren eta babesaren alde lan egiten duen Itsas Begiaren erakusketaren baitan eraman ahal izateko gisan.

Lorategi baliagarriak

Gaztainondo zur gurutzatuz eginiko 5 hesi karratuk eguneroko bizian dauden landareak agertzen dizkiote bisitariari: fibra landareak, landare medizinalak, jangarriak, usaintsuak, magikoak… Urte guziz Lorategiak Euskal Herrian tradizioz lantzen diren landareen lagin bat eskaintzen die bisitariei: Euskal arto gorria, Tolosako ilarra etab

Kaktusen arrokaia

Kaktusen arrokaiak Euskal herriko klima goxora egokitu diren espezie liluragarriak deskubritzeko parada ematen die bisitariei. Lorategiko beroena eta lehorrena den eremu horrek bunkerrerako ibilbide zaharra estaltzen du! Bildumak pribilegiozko egoera kokagunea du: haizeaz babestua, eguzkitan eta drainatzen duen zola.

Pergola

Bisitaria, itzalpean den zumardian barna, landare igokari barietate anitza sustengatzen duen metalezko pergola baten pean promenatzen da: muehlenbeckia, ahuntz-hostoa, solanuma, uncaria tomentosa…

Familia botanikoen labirintoa

Urte osoan ederrak diren eta gehienak usain goxoa duten zuhaixka bilduma baten bidez sailkatze botanikoa aurkeztea, hara hor sorkuntza original honen xedea. Labirinto horretan barna bidaiatzen duenak Erikazeoak, Theaceaeak, Myrtaceaeak… ikusiko ditu. Bisitariak, belarkiak, zuhaixkak edo zuhaitzak bezalako familia bereko landare motak konpara ditzake, hosto eta lore forma desberdinak aztertu eta haien usaina preziatu!

Eskola lorategia

Lorategi botanikoaren egitekoetako bat, inguramenaren errespetuzko jarrerei buruzko gomendioak ematea eta hauen inguruan sentsibilizatzea da. Horren baitan, konpostatzeko teknika desberdinak irakasteko gisan, eskola lorategia antolatu da.

Lorezaintzaren printzipioak

Lorategi guzia molde naturalean kudeatua da: sortu zen egunetik lorezain taldeak ez du ongailurik, herbizidarik edo pestizidarik baliatzen, eta euria baizik ez da arduratzen bilduma gehienen ureztatzeaz.

Landareen hautua

Landareen hautuak ondoko printzipioen arabera egin da :

  • Kultibarrak baino erresistenteagoak diren landare mota botanikoak lehenestea;
  • Landaketaren lehen urteetan bizirik mantendu ez diren bizikor guziak beste espezie batekin ordezkatzea;
  • Inbaditzailetzat jotzen diren eta euskal itsasbazterrean presente diren landare mota exotikoak kentzea: Panpa lezka (Cortaderia selloana (Schult. & Schult. f.) Asch. & Graebn.), Baccharis halimifolia, Pitosporoa (Pittosporum tobira (Thumb.) Aiton), Japoniako ahuntz-hostoa (Lonicera japonica Thumb.), etab.

Eremu naturalen aberastea lekuan berean (naturan) uztaturiko haziak ereinez egiten da, edo beste Lorategi botanikoek igorritako hazien bidez (Nanteseko, Bordeleko… index seminum)

Lorategiaren mantenua

Ureztatzea

Ereite eta aldaxkatzeez aparte, lorategiko bildumak ez dira ureztatzen. Ur guti behar duten landareen hautua eta zuhaiztietan eginiko lur estaltzeak urte osoan zolan freskotasuna mantentzea ahalbidetzen dute.

Gehienetan eskuzko belar txar kentzea egiten da, eta bildumetako lur estaltze sistematikoak lan hori errexten du. Landareen oinetan adar egur xehatuak edo itsas pinu orratzak tapiza gisa ezarriak dira. Zuhaitz batzuen azpian, batzuetan, feltro geotextila ere ezartzen da. Sustrai hesiek, banbuak edo solanazeo batzuk bezalako garapen handiko landare hedakorrak inguratzen dituzte. Ibilbideei dagokionez, lorezain taldeek belar txarren hedatzea mugatzeko gas erregailuak baliatzen dituzte. Belar txar kentze termiko hori eskuzko belar txar kentzearen osagarria da.

Kudeaketa desberdindua

Belardi eremu batzuk ez dira gehiago usaiazko moldean moztuak: urtean behin edo bitan pikatzen da, agorrila eta iraila artean. Belardi ttiki batez eta araztegiaren teilatuaz ari gara, zeinetan lorezainek landaredi lehorren hondakinak kentzen dituzte, goroldioa ez dadin sor eta, ondorioz, eremua ez dadin ondu.

Bioaniztasuna

Lorategian intsektuentzako aterpe anitz emanak dira. Intsektu, ugaztun eta narrastien babesari arreta berezia eskaintzen zaio, Lorategiaren kudeaketa ekologikoa praktikara eramanez.

Erosketak

Lorategirako erosketak jarrera ekoarduratsua jarraituz egiten dira: tokian ekoizturiko lehengaiak, tratatu gabeak, tokian berean ekoizturiko lur estaltzea etab. Ingurune naturaletako landareak itsasbazterretik datoz gehienbat (atlantiko aldea), baina Lorategi botanikoekin eta partikularrekin eginiko hazi trukaketaren ondoriozko lorezaintza egiten da bereziki.