Zaintza-politika zorrotzari esker, kalitate oneko uretan baina daiteke.
Bainatzeko uren kalitatea: deseraiki beharreko uste komunak!
Urtero, udako denboraldian, bainatzeko uren kalitateari buruzko galdera legitimoak egiten dira. Urarekin zerikusia duten politikez arduratzen den Euskal Hirigune Elkargoak liburuxka bat argitaratu nahi izan du, pedagogikoa eta faktikoa, gaiari buruz gehien diren uste komunak deseraikitzeko elementuak emanez.
Bainatzeko uren kalitatearen kudeaketa
Euskal Hirigune Elkargoak eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak egunero (astean zazpi egunez) egiten dute bainatzeko uren kalitatearen jarraipena, udako denboraldian, hondartzetan. Horretarako, hainbat adierazle hartzen dira kontuan:
- Baldintza meteorologiko eta ozeanikoak (plubiometria, haizea, olatuak, etab.);
- Saneamendu-sistemen funtzionamenduaren egoera;
- Analisi bakteriologiko lasterren emaitzak, hiru ordutan informazioa lortzea ahalbidetzen dutenak, hau da, bainatzeko guneen zaintza hasi baino lehen.
Ozeanoa arriskutsua delarik bainatzaileen segurtasun fisikorako –olatuak, haize bortitza, marmokak– edo uraren kalitatea memento batez txartzeko arriskua agertzen delarik, Auzapezak –haren polizia-boterea dela-eta–, segurtasunezko neurri gisa, bainua debekatu behar izan dezake.
Bainatzeko uren kalitatea hobetzea
Bainatzeko uren kalitatearen txartze gehiena gertatzen da eurite bortitzen kasuan meta daitezkeen bi fenomenoren ondorioz:
- Araztegiak baino gorago dauden bilketa-sareak eta biltegiratze-urmaelak osoki betetzea. Horrek eragin dezake ur horiek ingurune naturalera isurtzea.
- Kostaldeko ibaien uholdeekin lotutako lurren garbitzearen fenomenoa.
Eurite bortitzen eta ardurakoen eraginaren kontra borrokatzeko, ur zikinen biltegiratzea hobetzeko eta ingurune naturaletan isurketak saihesteko, Euskal Hirigune Elkargoak inbertsioak egiten ditu urtero. Zehazki, honako hauek egiten ditu:
- Saneamendu-sareak berritzea;
- Biltegiratze-urmaelak sortzea;
- Sareak bereiztea;
- Araztegien edukiera eta tratamendua hobetzea;
- Sare pribatuen konexio egokia eta saneamendu ez-kolektiboko instalazioen arauen araberakotasuna kontrolatzea;
- Dauden obren funtzionamendua optimizatzea, isurien 3D modelizazioaren eta kudeaketa dinamikoaren bidez.
Duela hamar bat urtetik hona, hauteman daiteke gero eta eurite bortitzagoak direla. Euskal Hirigune Elkargoa horretara egokitzen da. Horretarako, 2014az geroztik araudiak eskatzen duena baino gehiago inbertitzen du, datu berri horien araberako ekipamenduak ukateko. Aldi berean, honakoak egiten ditu:
- Ipar Euskal Herriko erreken eta ibaien uraren kalitatearen jarraipena egiten du urte osoan, eta arro hidrografikoetako kutsadura lausoa murrizteko lan egiten du;
- Hondakin flotatzaileen kontrako borrokan parte hartzen du, mugaz gaindiko erakundeekin elkarlanean, hala nola Gipuzkoakoekin;
- Itsasoko eta kostaldeko uren kalitatearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak laguntzen ditu.
Hondartzen irekitzeei eta hesteei buruzko informazioa
Euskal Hirigune Elkargoak eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak jendeen esku ezartzen dute bainatzeko uren kalitateari buruzko informazioa:
- Hondartzen sartzeetan edo hondartzetan berean seinaleak, banderak eta irekitzeko/hesteko abisuak;
- Kalilo aplikazioa, euskal kostaldeko hondartza bakoitzean eta Senpereko lakuan bainatzeko baldintzak ezagutzeko.